Udaberria hastearekin batera, Loratu Herria proiektuari ekin diogu ikastolan. Agenda 30 mugimenduaren bultzadaz jaiotako egitasmoa da.
Loratu Herriaren helburu nagusiak denen artean intsektuak erakarriko dituen zelaiak eskola inguruan sortzea eta polinizatzaileen eta loreen babesgune izango diren eremuen sare bat sortzea dira. Horretarako, ezer baino lehen, ikastolan dauzkagun berdeguneak aztertu eta neurtu ditugu. Gero, mapa batean irudikatu eta ikastolako horma batean jarri dugu ikusgai.
Gainera, ikastolan bi babesgune sortu berri ditugu. Batetik, berdegune bat hesitu dugu, intsektuen eta landareen babesgunea izango dena, eta bestetik, tximeleten santutegia sortu dugu.
Datozen hilabeteetan eremu horien bilakaera aztertu eta ikerketa jarduera ezberdinak egingo dira bertan, etorkizunean gure ikastolako zein herriko berdeguneak hobetze aldera erabilgarriak izango diren emaitzak lortuz.