COVID 19 
Eskolaz-kanpoko orduetan kasu positiboa egon dela ikastolari adierazteko telefono hauetara deitu. / Teléfonos de contacto con la ikastola, fuera del horario escolar, en caso de positivo en COVID. 682 444 658 - 605 758 064

2021eko Urdinduz Eguna berezia izango da Herri Ametsa Ikastolarentzat, Gautenak Gipuzkoa mailako 20. gela egonkorra zabaldu baitu ikasturte honetan eta denok “batera” ospatzeko aukera izan dugu aurten. 

 

Hau irakurtzen ari bazara eta oraindik ez baduzu ezer urdina jantzi, jo armairura. Bestela, bildu etxean duzun urdin koloreko edozer eta apaindu balkoiak -edo leihoa- urdinez. Argazkiak ateraz gero, partekatu ingurukoekin zein sare sozialetan. “Gure mundura hurbiltzeko pausu txiki bat izango da”, adierazi digute Ainhoa Duque eta Jone Arregi Gautenako gela egonkorreko hezitzaileek. 

 

 

2020ko Autismoaren Nazioarteko Eguneko aldarrikapenetako bat errespetuaren eskaera izan zen. Izan ere, itxialdi bete-betean, Autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) zuten pertsonek kalera ateratzeko baimena izan arren, ez zuten babesik jaso bizilagun batzuen partetik. Ondorioz, irteera horiek terapeutikoak zirela ulertarazi nahian, kaltetutako familiekiko errespetua eskatu zuten. Zerri erreparatuko zaio aurten? 

Jone: Gauza da, Espainia mailan lelo bat jartzen dutela eta gero Gautenak bere lelo propioa sortu ohi duela Gipuzkoa mailan. Ez doaz bananduta, paraleloki baizik, baina gu gureari eusten saiatzen gara. Aurtengoa, Urdindu gure mundua da. 

 

Ainhoa: Horren adibide da Gautenak Autismoaren Nazioarteko Eguna Urdinduz Eguna izendatu izana. Bai Gipuzkoan eta baita Euskal Herri mailan ere, hala ezagutzen dugu egun berezi hau. Hortik abiatuta, arlo bakoitzak bere sentsibilizazio lana egiten du, norabidea galdu gabe betiere. Izan Autismoaren Eguna, inklusioaren eguna, sentsibilizazioaren eguna edo beste, gizarteari gure ingurua bistaratzea da gure xedea.  

 

J: Batez ere kontzientziazioa lantzeko egun gisa ulertzen dugu Urdinduz Eguna. Hemen gaudela, ikusi behar gaituztela, gu ere gizartearen parte garela eta batera bizitzen jakin behar dugula aldarrikatzeko eguna.  

 

“Gure mundua” aipatu duzue. Dena bat izan beharrean, mundu edo errealitate ezberdinak daudela esatea egokiagoa iruditzen al zaizue?

 

J: Beste urte batzuetako leloa Hurbildu gure mundura izan da eta hori aldarrikatu izan dugunean gizarteak multzokatzeko duen joerari jarraituta izan da. Azken finean, munduak bereizten dira eta horietako bat da autismoarena, beste askoren artean. Gurera hurbiltzen den jendea ez da asko, baina egiten duenak gurekin elkartzeko eta elkarbizitzeko aukera ikusten du.

 

A: Gu ere mundu urdin horren parte gara espektroa ez izan arren, haien bizi prozesuan laguntzaile garelako. Zenbat eta laguntza espezializatuagoa jaso, orduan eta bizi kalitate hobea izango dute eta hori da gure asmoa. 

 

Hortik kanpo dauden beste munduetan ezjakintasuna da nagusi? 

 

A: Ezjakintasuna baino gehiago, orokortzeko joera nabarmentzen da batez ere. Autismoaz aritzean, isolatutako pertsona bat datorkie burura, eta bai, bakartzeko joera ezaugarri orokorretako bat izan daiteke, baina horrez gain badauzka beste hainbat. Are gehiago, agian ez da bere ezaugarri nagusiena.  

 

Ideia orokortu horretatik harago joateko zer jakin beharko genuke? 

 

A: Hasteko, pertsona arruntak direla, gu bezalakoak. Jaiotzetiko berezitasun kognitibo batzuk dauzkate eta ezaugarri potoloenen artean bat gizarteratzea edo giza harremanak izateko zailtasuna izan ohi da. Horrez gain, inguruko estimuluekiko oso sentiberak izaten dira eta motrizitateari dagokionez, gabezia gehiago izan ohi dituzte. Hori bai, oso argi izan behar dugu autismoaren espektroaren barruan sartzen diren ezberdintasunak asko direla eta denak aipatzea oso zaila da. Izan ere, gure ikasleek autismoaz gain, atxikitako beste ezaugarri batzuk dituzte eta beste ume guztiak bezala, bakoitza berezia da bere berezitasunean. 

 

J: Niretzat garrantzitsua da jendearen ikuspuntu arruntetik erreparatzea dena dela ezberdina. Autismoa ez dugunok gure artean ikusten ditugun ezaugarri “orokor” horiekiko ezberdina. Ez da arazoak dituztela, baizik eta ezberdintasunak eta mundua ulertzeko haien modua. Gure lana bere modu hori nolakoa den ulertzea da eta hain zuzen hori da jendeari eskatzen dioguna, begirada zabaltzeko eta “arrunta” den horretatik ateratzeko. 

 

 

Gizarte inklusiboa al da gurea?

 

J: Denetik dago, ezin da orokortu. Testuinguruaren arabera pertsona eta talde ezberdinekin egingo dugu topo. Esate baterako, Herri Ametsan gaudenetik komunitatea zertxobait inklusiboagoa izango da, gertuago gaudelako orain. Aldiz, inguruan ez baduzu inor eta ez baduzu inoiz ezer entzun, oso zaila da inklusiboa izatea. Tokatzen zaizu edo ez zaizu tokatzen. 

 

Gaurkoa bezalako egun batekin, kolore urdina gora behera, jendearengana errazago iristeko aukera dugu. Batzuri atentzioa emango die eta beste batzuei ez. 

 

Inklusibo izateko bidean, komeni da hizkuntzari ere erreparatzea. Oker darabilkigun adibide asko daude; “autista” erabiltzea “autismoa duen pertsona” beharrean, esate baterako.

 

J: Zerbait ezagutzen ez dugunean, betidanik hitz egin bezala hitz egiten dugu, baina egia da gure munduaren parte garenoi min ematen digula horrelakoak entzuteak; autistak, gaixoak... 

 

A: Nik ama bezala bizitu dut “arraroak” bezala identifikatzen dituztela haurrek. Umeen hizkuntzari erreparatuta, izen zehatzik gabeko definizioak ere badaude eta horrelakoak ere ez dira gustukoak. 

 

Gautenaren gela egonkorra zabaldu dugu ikastolan ikasturte honetan. Zer nolako balorazioa egiten duzue?

 

A: Gela hauen helburua, berez, haurra bere inguru naturalean bizitzea da. Hasiera batean, gurasoek aukeratutako eskolaz aparte, ordu batzuk Gautenako gelara bideratzea eskaintzen zaie, baina eskolatzeko ingurua mantendu egiten da. Hau da, aurten COVID-19aren birusik izango ez balitz, gure ikasleekin beste geletara hurbiltzen saiatuko ginateke seguraski, alegia, gure ikaslea gai izango litzateke gela arrunt bateko ikasgai bat jarraitzeko. Hori litzateke benetako inklusioa, modu horretan bakarrik sortuko baita ikasleen arteko gertutasuna. Aurten burbuila batean gaude eta, beste gela guztiak bezala, isolatuta sentitzen gara, baina helburua, egoerak uzten badigu behintzat, gelako eremu itxitik zabaltzea da, ikasleak edozein tokitan ibili ahal izatea.       

 

J: Hezkuntza sistema gaur egun dagoena da eta gure ikasleak hari egokitzea zaila izaten da askotan, horregatik sortu da Gautenako gela egonkorraren beste aukera hau. Ikasleak Hezkuntza sistema arruntean ez du bere beharrak betetzeko adina jasotzen eta hau da eskaintzen zaiona. Idealena, berez, bere berdinekin gela konpartitzea litzateke, sistemak bere beharrei erantzutea... baina errealitatea gaur egun ez da hori. Horrek ez du esan nahi Gautenako gelak ez duenik bere tokirik ikastolan.

 

Hezitzaile gisa, edo baita pertsonalki ere, nola bizitu duzue burbuila batean egon behar izate hori? 

 

A: Egia esan, gela berria garenez, arnasteko aukera ere eman digu; umeak ezagutzeko, gure artean antolatzeko… eskertu dugu burbuila. Bestalde, pena ere eman digu gure ikasleak besteekin batera ezin ikusi ahal izateak.

 

J: Neurri batean, gure ikasleek gizartean bizi dutena islatzen da egoera honetan ikastolan, gure kasuan, talde gisa. Ainhoak esan bezala, pena sentitu dugu burbuiletan banatuta egonagatik ere, pasilloetan sortutako harreman txikiak ikusi ditugulako eta horren aurrean pentsatzen duzu: testuinguru honetan sortu badira, zer gertatuko litzateke mugarik gabeko egoera batean? Hori bai, hau guztia bukatzeko esperantza oraindik badugu eta beraz, gure lana behar bezala egiteko aukera izango dugula espero dugu!    

 

Nola antolatzen duzue zuen egun bat?

 

J: Gure geletan oso sistematikoak gara, behar beharrezkoa delako errutina eta horri esker hasten dira ikasleak funtzionatzen. Lehen ordutik azkenera arte eta astelehenetik ostiralera, oso antzekoak dira egunak. Hezkuntza sistema arruntean, bestalde, sorpresa-efektuak oso eragin positiboa du haurrengan, baina gure ikasleek horren aurrean beste jarrera bat dute, beste modu batean ulertzen baitute. Horrez gain, denbora ez dugu ikasgaien arabera antolatzen, baizik eta ikasle bakoitzaren beharren arabera. Finkoak diren orduak hamaiketakoarena, dinamika gelara joatekoa edo paseora ateratzekoarena dira, besteak beste.    

 

Zerekin disfrutatzen dute zuen ikasleek gehien? 

 

A: Bakoitzak bere gustuko gauzak ditu, oso bereziak: batek orain arbelean zenbakiak idazten ditu, beste batek kotxeekin edo panpin txikiekin jolastea du gustuko

 

J: Orokorrean, musika oso gustuko dute. Hori bai, dena bere neurrian, bolumen altuko soinuak ez baitzaizkie gustatzen. Ikastetxeek antolatzen dituzten festetan adibidez, musika eta soinu asko egon ohi da eta gogorra egiten zaie egokitzea. Era berean, ikasketa ere badira festa horiek. Gauzak horrela, Urdinduz Eguna bera haien beharretara egokitzea komeni da eta normalean, hala egiten da. Urtero herri bat aukeratu eta bertan sentsibilizazio lana egiten da. Ekintza nagusia ibilaldi lasai bat izan ohi da, oso musika gutxirekin eta tonu lasai hori mantenduz. Gustatzen zaie eta era berean deigarria da, marea urdin bat osatzen baitute bertaratzen diren urdinez jantzitako milaka pertsonek.  Aurten, iaz bezala, ezin izango da ospatu, baina bestela, bertaratzera gonbidatzen zaituztet. 

 

Zuen mundura hurbildu nahi duenari zein material gomendatuko zeniokete hasteko? 

 

J: Azken urteotan sortzen joan diren gauza asko daude. Espezifikoki autismoaren ingurukoak izan beharrean, gehiago dira aniztasunari begirakoak. Denok ezberdinak garela adierazi eta horiengandik ikasi behar dugula adierazten duen materiala da gehienbat. 

 

A: Asko aldatzen da mezua xede taldearen arabera. Aniztasuna, esaterako, ez zaio modu berean azalduko heldu bati edo haur bati. 

 

J: HHko haur batentzat abstraktuegia da autismoaz hitz egitea. Normalean, 4. edo 5. mailatik aurrera hasiko dira pentsamendu arrazionalagoa lantzen. 

 

Hainbat adin-tarterentzat egokia izan daitekeen baliabideen bilduma sortu digute Jonek eta Ainhoak:

 

YOUTUBEKO BIDEOAK:

 

Por cuatro esquinitas de nada

 

El viaje de María

 

Academia de especialistas 

 

Cómo percibe el mundo una persona con autismo

 

Mi hermanito de la luna

 

IPUINA:

 

Elmer. Egilea: David McKee.

 

IKUS-ENTZUNEZKOAK:

 

Atípico (telesaila)

 

El faro de las orcas (filma)

 

El amor en el espectro autista (dokumentala) 

 

 

 

Cookien erabilera

Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ahalbidetzeko, gure zerbitzuak aztertzeko eta helburu analitikoetarako, zure nabigazio-datuak aztertuta. Klikatu hemen gure cookien politika ezagutzeko. Aukeratuta dauden Cookie motak onar ditzakezu "ONARTU" botoia sakatuta edo haien erabilera konfiguratu/baztertu Cookie mota bakoitzaren gelaxka aukeratuta.

Cookie teknikoak Pertsonalizazio-cookie-ak Cookie analitikoak Jokabide-publizitateko cookie-ak