COVID 19 
Eskolaz-kanpoko orduetan kasu positiboa egon dela ikastolari adierazteko telefono hauetara deitu. / Teléfonos de contacto con la ikastola, fuera del horario escolar, en caso de positivo en COVID. 682 444 658 - 605 758 064

Donna Apellaniz Nieto emozio terapeuta da; askotariko formakuntzak eta familia zein norbanakoei zuzendutako bidelaguntza emozionala eskaintzen ditu. 

 

Hezkuntza munduan hasi zuen bere ibilbidea, baina emozioekiko urruntasuna nabaritu eta berehala bere kabuz hastea erabaki zuen. Horrela jaio zen Educando la Emoción 2016ean. Haur eta nerabeen heziketan emozioak kontuan hartzeak oso emaitza ederrak ematen dituela sinetsita, ikasitakoa eta landutakoa konpartitzeko helburuz sortu zuen proiektua eta hala dihardu gaur egun ere, egunerokoan ditugun gatazka edo egoera zailei irtenbidea topatzen laguntzen.

 

Apellanizen inguruko informazio gehiago nahi baduzu, klikatu hemen

 

 

Hilabete honetan hizpide izango dugun emozioa nahigabea da. Zer esaten dizu zuri emozio horrek?

Beheruntz bultzatzen duen pisu handiko emozioa datorkit burura. Azken finean, nahigabea hori da; gogorik gabe, apal edo itzalita sentitzea. Emozio guztiek lau energia nagusi dituzte, oinarrizko lau emozioei dagozkienak: tristura, amorrua, beldurra eta poza. 

 

Tristurarekin energiak beheruntz egiten du, barrurantz; intimitatea bilatzen dugu eta ez dugu kanpora ezer proiektatzeko gogorik izaten. Nahigabea hemendik abiatzen da. Amorruaren energia, bere aldetik, suntsitzailea da; bizia, beroa eta kanporantz bideratua. Beldurraren energia bizia da ere eta bi bide hartu ohi ditu: Batetik, ihesera bultzatzen du eta bestetik, defentsara, bide horretan blokeoak sortuz askotan. Azkenik, pozaren energia biziak kanporantz egiten du eta sortzailea izan ohi da. Horrez gain, elkarbanatzeko gogoa ere sentitu ohi da. 

 

Emozioak bata bestearekiko independenteak dira edo badute lotura beren artean?

 

Emozioak energia dira eta beharrezkoak gure gorputzarentzat. Kanpoko egoerei egokitzapenezko erantzun bat emateko sortzen dira emozioak. Lau energia aipatu ditugun arren, denak daude gugan, gure gorputza den gure etxean, eta hortaz, bai, harremana dute euren artean. Emozio batek beste bat ekarri ohi du, energia izaki, eraldatu egiten baitira. Hori bai, lau energia ezberdin dira eta bakoitzak bere zehaztasunak ditu. 

 

Hortaz, emozio bakoitzak bere definizioa du? Oinarrizko ezaugarri batzuetatik abiatuta, zehazten joaten dira? Ideia bat egiteko, koloreekin gertatzen den bezala?  

 

Bai, kolore primarioekin gauza bera gertatzen da. Emozioak ere nahastu egiten dira beren artean eta adibidez, energia suntsitzailearen %50 eta sortzailearen %50 (gutxi gorabehera, betiere) elkartzean, euforia sortuko da. Gauzak horrela, nahigabea bezalako zenbait emozio oso zehatzak bihurtzen dira eta ondorioz, zuretzat nahigabea dena akaso nik ez dut horrela hartuko. Finean, oso interesgarria bezain garrantzitsua da norberak bere hiztegi emozionala edukitzea, nahiz eta, batez ere haurrekin, ez den guztiz beharrezkoa. Izan ere, haiek ez dute oraindik haien sentipenak hainbesteko zehaztasunez definitzeko beharrik izaten. 

 

Horrek ez du esan nahi sentitzen dutenari kasurik egin behar ez diotenik, ezta? Emozio bat edo beste identifikatzeko, gorputzari begiratu behar al diogu?

 

Hori da, sentitzen dugun guztia gorputzean sentitzen dugu eta askotan ez diogu jaramonik egiten. Hortik etor daitezke blokeo emozionalak. Izan ere, arretarik jarri ez diogun energia hori metatuta geratu daiteke edota burura joan, non zoro batzuk bezala pentsatzen hasi ohi garen. 

 

Oso garrantzitsua da gorputza entzutea eta sentitzen den horri askatzeko bideak ematea. Emozioak erantzun bat emateko sortzen baitira eta hori ematen ez denean, arazoak sortzen dira. Beraz, oso inportantea da haurrei energia emozional hori kanporatzen erakustea era funtzional, eraginkor eta osasuntsu batean.

 

Nahigabea gorputzean nola identifikatu beharko genuke?

 

Ezer baino lehen, argi utzi nahiko nuke gorputz bakoitza mundu bat dela eta ezin dugula orokortu. Egia da zenbait patroi errepikatzen direla, baina nire nahigabea eta zurea ezberdinak izango dira beti. Are gehiago, gaur egun sentitzen dudan nahigabea eta hamar urte barru sentituko dudana ez dira berdinak izango. Ez dugu zirkuitu emozionalik gure barruan, orduan, sortzen diren emozio guztiak beti izango dira ezberdinak, nahiz eta oso gertu egon bata bestearengandik.

 

Hori esanda, hizpide dugun energia tristuratik datorrenez, apaltzen gaituen energia emozional bat izango da. Kanpora begira sortzeko indarrik ematen ez diguna ezta jendearekin egoteko gogorik ere. Nahiago izango dugu bakarrik edo gertukoekin egon edo negar egin, besteak beste. 

 

Nola ezberdindu nahigabea tristurarengandik?

 

Nahigabea batez ere helduek ezberdinduko dute, haurrek 7 urtera arte garuna guztiz garatuta ez dutenez, ez dute behar hori sentituko. Hortik aurrera, emozioak zehazteko gaitasuna izango dute. Lengoai fisiko emozionala ere geroz eta garatuagoa izan, orduan eta errazagoa egingo zaigu emozioak zehaztasunez identifikatzea.  

 

Zer nolako lotura du nahigabeak doluarekin?

 

Guztiz lotuta daude, izan ere tristura beti galera baten aurrean edo ondorioz sentitzen dugu. Gure bizitzan zehar, dolu mota asko sentitzen ditugu eta galera bakoitzarekin batera dolu bat dago. Esate baterako, oporretan egon ondoren lanera bueltatzean, toki aldatze baten ondorioz lagun taldea galtzean, bikote batengandik banatzean edota heriotza baten aurrean.

Galdutako horrekiko dugun atxikimendu emozionalaren araberakoa izango da pasako dugun doluaren sakontasun edo arintasun maila. 

 

Emozioek, berez, hasiera eta bukaera dute?

 

Egungo ikerketek diote emozio guztiek, gehienez, hogei minutuko iraupena izaten dutela. Esan dugu, emozio bat gorputzean gertatzen den erantzun bat da berez, baina egoera bati mentalki lotzen gatzaizkionean, hau da, gertatu zaigun horrengan pentsatu besterik egiten ez dugunean, emozio hori berriro azaltzea eragiten ari gara. Errefluxu emozionala deitzen diot nik horri.  

 

Beraz, emozio bat sarritan errepikatzen bada, zer egin beharko genuke? 

 

Kasu horietan inportantea da konturatzea zer nolako eragina duen norberak bere aldarte emozionalean. Askotan pentsatzen dugu beste norbaitek haserretzen, nahigabetzen edo beldurtzen gaituela, eta ez da horrela. Gu gara egoera emozionalak denboran zehar luzatzearen arduradun, inkontzienteki bada ere. Hortaz, garrantzitsua da, batetik, pentsamenduekiko nolabaiteko distantzia sortzea, edo, zuzenean, ez beti sinestea, eta bestetik, energia emozionala buruan metatu baino lehen gorputzarekin erantzun bat ematea. Adibidez, haserre banago eta norbait jotzeko gogoa sentitzen badut, noski, jotzea ez da aukera bat, baina energia hori guztia askatzen ez badut, energia hori burura bideratu eta nolabait obsesionatzeko arriskua dago. Kasu horretan, baliagarria izan daiteke, adibidez, dantzatzea, kojin bat kolpatzea, oihukatzea, garrasi egitea...    

 

Emozio onak eta txarrak sailkatzeko joera dago eta zu ez zara horren aldekoa. 

 

Gizarte honen joera da ona edo txarra, bai edo ez, zuria edo beltza terminoen arabera egitea balorazioak eta inportantea da hortik haratago joatea. Izan ere, emozio guztiak dira beharrezkoak eta denak biziko ditugu jaiotzen garenetik hiltzen garenera arte. Argi izan behar dugu emozio guztiek egokitzapenezko funtzio bat dutela eta denei egin behar zaiela tokia, horrela ulertuko dugu eman nahi diguten mezua. 

 

Zer gertatuko da, baina, tristura txarra dela pentsatzen badut? Bada, emozio hori ez bizitzen edo ekiditen saiatuko naizela eta hor arazo ugari sortzen dira. Familia askotan gertatzen da hori “ez negarrik egin”, “ez haserretu”, “ez horrela jokatu”... eta gisakoak erabiltzen direlako. Oinarrizko ikasketa da emozio onak eta txarrak daudela burutik kentzea.  

 

Horrekin lotuta, nola ikusten duzu terapiak edo bidelaguntzak gaur gaurkoz oraindik duen estigma?

 

Ikasteko laguntza behar izan dudanetan, irakasle bat kontratatu dut; etxea diseinatzeko, arkitekto bat; gaixo nagoenetan, medikuarenera egin dut bisita. Hori bai, alderdi psikologikoa maneiatzen badirudi denok jakin behar dugula, inork ezer irakatsi gabe. Emozioak kudeatzen ikasi egiten da eta emozioak hezi egin behar dira. Hortaz, oso inportantea da guk bakarrik ezin diegula aurre egin sentitzen dugunean, laguntza eskatzea. 

 

 

Jarraian topatuko dituzun galderak gure komunitateko kideek botatakoak dira, sare sozialetan eta Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean jasotakoak. 

 

Nola lagunduko diegu gure seme-alabei haien emozioak identifikatzen, batzuetan guk geuk gureak identifikatzeko zailtasunak dauzkagunean?

 

Hasteko, oso garrantzitsua da hortaz konturatzea eta hori lantzea, familian gainera. Ez du zentzurik haur bati guk eskaini ezin dioguna eskatzeak. Horrela, ez du funtzionatuko, haurrak ulertua sentitu behar baitu eta horretarako, gurasoek, emozio bakoitza ikusten, kudeatzen, maitatzen, onartzen eta aldatzen ikasi behar dute. Educando la Emoción-en lanketa beti norberarengandik hasi ohi dugu.  

 

Triste banago, nola egin tristura desagertzeko?

 

Hor dago arazoa. Tristura desagertzea nahi baduzu, ez zara tristura kudeatzen ari, baizik eta erreprimitzen, horrek dakartzan arazo guztiekin. Tristura desagertzeko nahia hanka bat moztu nahi izatea bezalakoa da, eta ez zaigu halakorik bururatzen. Beraz, tristura era “atsegin” edo goxo batean bizitzeko, emozioa onartu eta txarra dela dioen estigma ezabatu behar da. Horrez gain, entzun zer esan nahi dizun tristura horrek. Hots, zuretzat garrantzitsua den zerbait/norbait galdu duzu eta hori gabe bizitzen ikasi behar duzu. Horren aurrean, zure gorputzak eskatzen dizuna egin: bakarrik egon, negar egin, etab.  Hala, joango zara kanporantz plazaratzeko energia berreskuratzen.    

 

Nola lagundu diezaioket nire umeari barruko sentimenduak ateratzen?

 

Lanketa emozional bat egin nahi badugu, inportantea da emozioak gure egunerokoan egotea, hau da, edozein egoeraren aurrean sentitzen duguna adieraztea eta emozio guztiak onartzea. Hori bai, emozioa onartzeak ez du esan nahi ekintza onartu behar dugunik. Egokiak ez diren ekintzak alboratu, jotzea kasu, eta kanporatzeko beste bide osasuntsu eta funtzionalak bilatu behar dira. Adibidez, bidelaguntzara etortzen diren familiei askotan errezetatzen diet boxeo zaku bat erostea. 

 

Emozioen munduan gehiago sakontzeko, adin guztientzat egokiak diren zenbait liburu proposamen egin dizkigu Donna Apellaniz Nietok:   

 

Emoziotegia. Egilea: Palabras Aladas

Recetas de lluvia y azúcar. Egileak: Eva Manzano (idazlea) eta Mónica Gutierrez Serna (ilustratzailea) 

Diccionario de emociones y fenómenos afectivos. Egileak: Rafael Bisquerra eta Giselle Laymuns

 

Gurasoentzat bereziki, Mar Romeraren liburuak zein sarean topa daitezkeen bideoak gomendatzen ditu.

 

 

Cookien erabilera

Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ahalbidetzeko, gure zerbitzuak aztertzeko eta helburu analitikoetarako, zure nabigazio-datuak aztertuta. Klikatu hemen gure cookien politika ezagutzeko. Aukeratuta dauden Cookie motak onar ditzakezu "ONARTU" botoia sakatuta edo haien erabilera konfiguratu/baztertu Cookie mota bakoitzaren gelaxka aukeratuta.

Cookie teknikoak Pertsonalizazio-cookie-ak Cookie analitikoak Jokabide-publizitateko cookie-ak