Donostiako Herrera auzoko herritarrek sortu zuten Herri Ametsa Ikastola 1966an, euskara eta euskal kultura bere ikasleei transmititu, garatu eta indartzeko, heziketa integralaren barruan. Ibilbide luze hartan, hainbat egoera juridiko izan ditu:

  • 1966an sortu eta 1974 bitartean legeztatu ezinik, Apezpikutegiaren babesari esker iraun
  • 1974an, Ministerioaren legeztapena lortu zuen, Kultur Elkarte gisan.
  • 1976an, Herri Ametsa Ikastola S.A. sortu zen
  • 2004an, Herri Ametsa Ikastola Guraso Kooperatiba Elkartea bihurtu zen

1970.ean eta urte batzuetan Altza eta Intxaurrondoko ikastolekin bat eginik egon zen, 1980-81ean Intxaurrondo Ikastolak bere bideari ekin zion arte. Hasiera hartan, haur euskaldunak beren ama hizkuntzan heztea izan zuen helburu; ondoren, haur erdaldunak euskalduntzeko konpromisoa hartu zuen, Ikastolaren inguruko biztanle gehienak erdaldunak direla kontuan izanik.

D ereduko ikastetxea da, hau da, euskara hutsean irakasten du eta bide hori segitu eta indartzeko asmoa dauka. Aldi berean, beste kultura eta hizkuntzei irekita dago, haien aberastasuna har dezan.

Publikoa izateko bokazioa dauka eta horrela frogatzen du 1981eko ekainaren 22an izenpetu zen akordioak, heziketarako eskubidea berdintasunean bete zedin; baina 1994ko maiatzaren 24an Euskal Eskola Publikoaren Legea agertu zenean, sare pribatuan geratzea erabaki zuen, ikastolaren helburuetarako egokiago ikusi zuelako. Hala ere, aukera komenigarriago baten zain gaude, euskal eskola publikoa izan nahi baitugu, zalantza izpirik gabe.